ISLA HANDIAN

Islandiako egurrezko etxe txiki batean nago. Ez dut beste ezer inguruan eta laku izoztu erraldoi bat islatzen da nire begietan leihotik begiratzen dudan bakoitzean. Hotzegi egiten du kanpoan, baita barruan ere. Barrenak berotzeko edandako whisky botila hutsa konketaren gainean dago eta aurrekari penalen zerrenda luzeegia, nirea eta besteena dena, hozkailuan zintzilikaturik utzi dut.  
Behin, telebistan entzun nuen bihotz apurtu bat dela krimenik handiena eta errudunak ez duela sekula zigorrik jasotzen.
Ordutik, amaigabea den zerrenda hori idazten jarraitzen dut, amorante kriminal horien izenak nabarmenduz, neure izena ere bertan grabatuz. Erruduna eta biktima naiz aldi berean. Horregatik, ez nekien geratu edo joan behar nintzen, beraz, etorri egin naiz korrika batean. Erbestean dabilen etorkin edo iheslari politiko baten lez nabil, kulparen pisua gainean harturik, baina aukera bakarra ihes egitea izanik. Noizbait norbait, egindako guztiagatik barkamena eskatzen ausartuko den esperoan egon naiteke, baina badakit justizia ez dela justua, epaileei ez zaiela amoranteen krimenak interesatzen eta kriminalik handiena koldarrik handiena ere izan daitekeela.

Islandiara etorri aurretik, nire maitaleetako baten hitzekin gogoratu nintzen. Berari gehien gustatzen zaion lorea ekilorea da, beti eguzkira begira dagoelako eta gorantz hazten delako, behetik gora eta beti gora. Bizitzaren metafora baten lez, guk ere, ekiloreek bezala, beti gorantz egin beharko genukeela esaten zidan, gauzak gaizki doazenean eguzkira begiratu eta, zuzen-zuzen, goraka egin. Gure buruari behea jotzeko aukerarik ez geniokela eman behar esaten zuen, nahikoa pasa dugula jada. Hala ere, behea jotzearena aukera politiko bat dela esango nuke, baina, gaurkoan arrazoia emango diot, besterik gabe.
Ekilore bat oparitu zidan aireportuan elkarri eman genion azken agurrean, eta nire bizitza balitz bezala zainduko nuela hitzeman nion neure buruari.
Etxeratzeaz batera, nire maitalerik maiteenak akatu ninduen. Ordurarte elkarrekin sortutako guztia hankaz gora jarri zuen eta mila zatitan apurtu ninduen, inolako aztarnarik utzi gabe. Krimen perfektu baten eszena garbia utzi zuen, eta, nola ez, inolako zigorrik jaso gabe joan zen.

Islandiara etorri naiz, ekilore eta guzti, goraka hasteko edo, baina egunak daramatza behea jota. Berriz ere gaizki egin dut. Nora eta Islandiara ekarri dut lorea, eguzkirik apenas ikusten ez den elurrezko desertu honetara. Ekilorearen metafora neure egin banuen, auto torturatu egin ahal dut neure burua hona ekartzean? Agian bai, inkontzienteki. Gauza gehiegi egiten dugu nahi gabe.
Guzti honekin, konturatu naiz whisky botila batean erantzunak aurki daitezkeela eta beldurrik ez dela guztia galdu duzunean.
Bainuontzia ur beroz bete dut, ekilorearen petaloak ur azalean jarri ditut eta barrura sartu naiz, nire birsortze intimoan barneratzera. Lore artean zauri guztiak sendatzen somatzen ditut, eta zaurien markek bularraldean betirako iraungo duten arren, neure neurea den plazerezko momentu honek min guztiak ebasten ditu.

Laster irtengo da eguzkia Islandian.   



Comentarios

Entradas populares de este blog

NUESTRO OTOÑO

QUE NO PAREZCA ESTO UN TEATRO